[Oarsoaldeko AEKren IV. Mikroipuin-Lehiaketa] 5. postuan: Lehoiaren Erresuma
Mari Karmen Berasategi / Intxixu.
Oihanean lehoi zahar eta indartsua bizi zen, oso umore txarra zuena. Basoaren erregea zen, eta animali guztiak beldurtuta zituen, beti ehizan zebilelako eta asko jaten zuelako.
Nazka-nazka eginak egoerarekin, lehoiari eskaintza bat egitea pentsatu zuten: egunean behin jatea ziurtatzen zioten, egunean animali bat joango baitzen otordu gisa; horrela, erregeak ez zuen lanik egin beharko elikatzeko. Erregeari ondo iruditu zitzaion eta hala egitea adostu zuten. Urteak igaro ziren, bakoitzak bere hitza betetzen, inolako arazorik gabe.
Erbi jakintsuari jana izatea egokitu zitzaionean, arnasestuka iritsi zen lehoiarengana:
- Errege, beste lehoi gazte batengandik ihesi nator, zu zeu baino indartsuagoa da. - Amua irentsi zuen erregeak.
Erregeari ez zitzaion batere gustatu albistea, eta sutan jarri zen. Erbiari beste lehoi gazte harengana eramateko agindu zion. Erbiak lakura eraman zuen eta erregea makurtuta bere isla ikusi eta salto egin zuen. Erregeak ez zekin igeri egiten.
“Asko balio du indarrak; gehiago buru indarrak”.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina