Nerea Intxaustik 'Tere batelera' liburua aurkeztu du Oarsoaldeko AEKn

Liburuaren azala. Atzean, egilea 
 

Nerea Intxausti Castiñeira kazetaria eta Oreretako Xenpelar  AEKko ikasleak 'Tere batelera' ipuina aurkeztu du aste honetan Oarsoaldeko AEKn; zehazki, Pasaiako Txirrita AEKn eta Oreretako Xenpelar AEKn. Emakume haiek, batelerek, ezinbesteko lana egin zuten urte luzez Pasaiako badian. Denetarik garraiatzen zuten euren ontzietan. Oraingo motora ezagunak egiten duena ere egiten zuten haiek; herritarrak leku batetik bestera eraman, alegia. Bene-benetan bizimodu gogorra zuten; gizonezkoek hilabeteak pasatzen zituzten Ternuan, arrantzan, eta bien bitartean, emakumezkoek, zaintza-lanez gain, garraiolari-lanak egin behar izaten zituzten. Bateleren lan-egunak amaigabeak zirela azpimarratu digu egileak ikasleei eta irakasleoi, baita zutik egiten zutela arrauna ere! Gutxi gorabehera, duela 100 urte, industrializazioaren etorrerarekin, desagertu ziren batelerak. Pasai Donibanen, baina, oso presente dituzte oraindik. Esate baterako, San Inazio eguneko ospakizunetan gogora ekartzen dituzte.

Pasai Donibanekoa da Nerea Intxausti eta ez du ohiko liburua egin. Ez da eleberria, ipuina baizik. Haurrei zuzendutakoa bada ere, jakina, helduontzat  ere aproposa da, eskualdean ezagut dezagun bateleren lana. Ikerketa lan handia egin du -hainbat testigantza jaso ditu istorioari forma emateko-. Ainhoa Aizpurua Oyarbide ilustratzailearekin egin du lan Intxaustik besoz beso. Gaurtik eta igandera bitartean Pasaiako Itsas Festibalean erosi ahal izango da liburua. Hain justu, ekitaldi horrek erdigunera ekarri nahi izan ditu aurten batelerak.
 

Ipuinaren egilea, Xenpelar AEKko irakasleez eta ikasleez inguratuta


'Tere batelera' liburuak txoko bat du jada Oreretako Xenpelar AEKko liburutegian.  

Pasaiako Txirrita AEKn ere izan da aste honetan 'Tere batelera' liburuaren egilea


Iruzkinak