"Herritarren eskubideak bermatzeko bide bakarra hauxe da: langile publikoek euskara ezagutzea"

 


Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan eta erakundeetan herri-langileei ezarritako hizkuntza-eskakizunen aurkako epaiak ugaritzen ari dira han eta hemen. Oraingoan Pasaiako Udala kolpatu dute auzitegiek: kale-garbitzaile izateko beste eskakizun batzuen artean, euskarazko lehenengo hizkuntza eskakizuna (B1 maila) ezarri zitzaien 2015. urtean hamabost lanposturi, eta epaiari jarraikiz, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, argudiatzen baita lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten dela. Epaiok salatzeko elkarretaratzea egin da Pasai Antxoko Biteri plazan.

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek (Pasaiako Txirrita AEK partaide da), kezkaz eta ardura bizi du gertatutakoa, urtez urte ahaleginak egiten ari baitira euskararen normalizazioan aurrera egiteko. "Zangotrabak jartzen dizkigute, baina tinko jarraituko dugu urte askotako ahaleginari esker lortutako eskubideei eusten. Herritarren eskubideak bermatzeko bide bakarra langile publikoek euskararen ezagutza izatea da, Udalak eredugarria izan behar baitu udalerrian. Hizkuntza eskubideak ezabatzea zerbitzu publikoen kalitatea murriztea ekartzeaz gain, eskubide urraketak betikotzeko arriskua ere badakar".

Bokaleko kideek eta Pasaiako herritarrek osatutako Pasaiako Euskararen II. Plan Estrategikoan -2022ko udazkenean onartu zen- garbi  aipatzen da Udalak bi eratako erantzukizunak dituela: bata, herrian euskara sustatzekoa eta bestea, udala bera eredu izatekoa.

Iruzkinak