KORRIKA KULTURALA. Musika, literatura eta solasaldi goxoa, Trintxerpen

 

Joseba Sarrionaindia, Joxe Mari Iturralde eta Olatz Prat, Trintxerpeko alkateordetzan

KORRIKA KULTURALAren harira, mota askotako ekitaldiak izan ditugu azken asteotan Lezon, Oiartzunen, Oreretan eta Pasaian. Trintxerpen, udal liburutegien ekimenez, literatur emanaldi musikatua egin dute. Anne Etchegoyenek eta Olatz Pratek ahotsa jarri dute, Iñar Sastre musikaria lagun. Bestalde, Olatz Pratek berak solasaldi mamitsua gidatu du Joxe Mari Iturralderekin eta Joseba Sarrionaindiarekin. Besteak beste  euskarari buruz  mintzatu dira Iturralde eta Sarrionaindia; biak, zailtasunak zailtasun eta oztopoak oztopo, baikor. Hari horretatik tiraka, komunitatea eta saretzea errazteko ekimenak goraipatu dituzte euskararen mesedetan, isolamendua saihesteko; KORRIKA bera eta irakurketa-klubak  (Trintxerpekoa bide emankorra egiten ari da), esate baterako. 

Adimen artifiziala ere ekarri dute erdigunera eta horrek kezka eragiten die bi idazleoi, makinen ahalmen mugagabeagatik. Solasaldi goxoaz gain, ipuinak eta poesiak izan dituzte ahotan Iturraldek eta Sarrionaindiak. 

Boskoteak animoak eman dizkigu KORRIKAren antolakuntzan gabiltzan guztioi.

Joseba Sarrionaindia, Joxe Mari Iturralde, Olatz Prat, Anne Etchegoyen eta Iñar Sastre


Iruzkinak