Pasaiako euskara-eragileen lana, plazara

Mintzalagunak eta Teo Alberro Pasaiako alkatea, kultur etxean
 

Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak ekitaldia egin du Pasai Antxoko kultur etxean. Euskaltegiek, ikastetxeek, lan-munduko ordezkariek, merkatariek, gazteek, gurasoek, elkarteek, ohiko lan-mahaietatik kanpoko eragileek eta udalak berak euskararen arloan egiten duten lana ezagutarazi eta balioan jarri dute. Raul Perez Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiko ordezkariak adierazi duenez, "euskaraz bizi nahi duten herritarrak arazoak topatzen ditu nahi hori efektibo egiteko. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da pasaitar guztiak behintzat euskara ulertzeko gai izatea. Horrela, euskaldunek euskaraz egin ahal izango dute nahi duten guztietan. Baina pasaitar guztiek ez dute oraindik euskara ulertzeko gaitasuna lortu eta euskaltegien lan-mahaitik egoera horri buelta ematen saiatzen ari gara". Udal euskaltegiko Kontsuelo Gorostidik gogora ekarri du euskara ikasteko dirulaguntzak handitzen ari direla urtez urte eta gaur egun pasaitar askorentzat doakoa izan daitekeela euskara ikastea.

Udal ordezkariek eta hainbat elkartetako kideek hitza hartu dute ekitaldian euren ekarpenaren berri emateko.

Bestalde, Mintzalagun egitasmoak -60dik gora bidelagun eta bidelari ari dira parte hartzen ikasturte honetan- eta Gau Beltza Pasaiako lau barrutietan antolatu zuten herritarrek aitortza jaso dute, "euskaratik eta euskaraz aktibatu direlako".

Bertaratutakoek Jaime Altuna Gizarte-Antropologian aditua Hizkuntzaren funanbulistak: orekak, desorekak eta sareak titulupeko hitzaldia entzun dute, eta bukatzeko mokadutxoa jan dute.

Iruzkinak