Oarsoaldeko AEK, azaroaren 4ko manifestazioarekin bat
![]() |
Oarsoaldeko AEK-ko kideak, gaur. |
Azaroaren 4an euskalgintzak deitutako manifestazio nazionala egingo da Bilbon, 17:00etan Euskalduna jauregitik abiatuta. Manifestazioa euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da. Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak.
Euskal Herri osoan AEK erreferente izatea nahi dugu hiztun
aktiboak sortzen. Gure xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz
eroso bizitzea, ahalegin berezirik egin gabe; biztanle guztiek euskaraz
eroso
aritzeko baldintzak edukitzea eta euskara erabiltzeagatik ez sentitzea
deseroso edo baztertuta.
Gure ikuspegia eta egitekoa
horiek izanik, eta kontuan hartuta proiektu estrategikotzat
hizkuntza-politikan eragitea dugula, euskararen normalizazioaren
kontrako oldarraldiari
aurre egitea dagokigu. Argi dago azkenaldikoak ez direla sententzia isolatuak, baizik
eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta
herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera,
oldarraldi bat.
Hori horrela, Oarsoaldeko AEK-ko lau euskaltegiok (Lezoko Oroitzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK) bat egiten dugu azaroaren 4ko manifestazioarekin. Eskualdean autobusak antolatzen ari gara Bilbora joateko eta blogaren eta sare sozialen bitartez autobusotan izena emateko prozeduraren berri emango dizuegu datozen egunotan.
Oiartzundik abiatuko den autobusa iragartzeko kartela |
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina