Errigoraren saskian, bederatzi produktu goxo eta esker oneko postala

 

Azaroaren 9ra bitarte eskatu ahal da Errigoraren kutxa.  10. urtemuga ospatzeko garaia da! Nafarroako 23 ekoizleren bederatzi produkturekin hornituta bidaliko dituzte saskiak herriz herri eta baita sorpresa bat ere!  Hain zuzen ere, Errigora 10 urteotan ezagutu dugunok, eskuz, idatzitako esker oneko postala. Animatu eta azaldu ezazu zeuk ere, Oarsoaldeko AEK-ko ikasle eta irakasle, zer suposatzen duen Errigorak zuretzat, zein produktu duzun gustukoen eta abar.

Ba al dakizu nola sortu zen Errigora? Hemen duzu sustatzaileen kontakizuna:

2013an jaio zen Errigora. Iruñeko Nabarreria plazan dagoen Zabaldi Elkartasun Etxean agertu ginen urriko egun batean, egitasmoaren asmoak aurkeztu eta Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan parte hartzeko deia egiteko. Oraindik ez ginen ezer; Errigora asmo-sorta baino ez zen. Hilabete beranduago, aldiz, asmoak egitate bihurtuta zeuden. «Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko» eta «zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko» xedea zuen egitasmo hura jende mordoa harritu zuen ekimen freskoa zen ordurako. Ez da magia kontua. Ibilbide luzeko herrigintzako beteranook eta gazteagook lantalde txiki bat osatu hasieran eta, harremana harremanari lotuz, sare zahar-berritua irudikatu genuen. Eta saskia eskatu genuen 8.000tik gora lagunek egin genuen ordura arte eginkizun zena. Gurpila jiraka hasi zen.

Ordutik, 130.000tik gora saski bete ditugu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Aldi berean, euskalgintzaren zakua ere oparo bete dugu —1.800.000 euro!— saskiek emandako mozkinekin. Eta, kanpainak joan kanpainak etorri, Errigoraren komunitatearen argazkia betez joan da ekimenera batu garen boluntario, ekoizle, kontsumitzaile, bidelagun eta onuradun berriekin.

Errigora.eus webgunera jo behar da saskia eskatzeko.


Iruzkinak