Oreretako Xenpelar AEKren omenalditxoa Mikel Martin zenari: "Aulkia utzi arren, ez zaude ahaztuta"
Mikel Martin, Oreretako Xenpelar AEK-ko ikaskideekin eta irakasleekin 2021eko urriaren 12an, Pasai Donibanen |
Joan den astean utzi gintuen Mikel Martin Condek. Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiko ikaslea izan zen urtetan eta haren irakasleetako bik omenaldi zintzoa egin nahi izan diote.
Lurdes Zapirainek honako gogoeta partekatu nahi izan du: "Begi bistan geratu da Mikelek aritu den esparru guztietan arrastoa utzi
duela eta ez nolanahikoa. Euskaltegian ere horrela izan da. Ikasle
nekaezina izan da, buru belarri aritu da gogoz eta ilusioz, egunik ere
galdu gabe. Aurten ere matrikulatuta zegoen, baina tamalez oso egun
gutxitan etorri ahal izan zen, gaixotasuna zela eta. Ez zuen inoiz etsi euskara maila hobea lortzeko ahaleginean eta euskaraz bizi zen. Beraz, euskararekiko konpromisoa ere erabatekoa izan da. Arrazoi
askorengatik iruditzen zait Mikel pertsona aparta izan
dela,aparta. Hortaz, badugu Mikelengandik zer ikasi".
Elena Vazquez ere izan zen Mikelen irakaslea eta honako bertsoak eskaini dizkio.
Ikasle saiatua,
parte-hartzailea,
euskaldun osoa izan
nahi zuena.
Gizartea hobetzen
lan asko egina,
ez zuen ezer arrotz,
handia jakin-mina,
aisia eta lana
gozatzen zekiena.
Zintzo eta ona,
lagunen laguna.
Aulkia utzi arren
ez zaude ahaztuta,
guk mantenduko dugu
argia piztuta.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina