Ekitaldi ugari Euskaraldia agurtzeko eta Euskararen Eguna ospatzeko


 

Ostiralean, abenduak 2, Euskaraldia bukatuko da, eta larunbatean, abenduak 3, Euskararen Eguna ospatuko da. Bi egun horietan eskualdean hainbat ekitaldi izango ditugu. Hartu agenda!!!

 



Hasteko, ostiralean, abenduak 2, Oarsoarrak sariak emango dituzte Pasai Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Xixilio Maritxalar eta Zuberoa jatetxea sarituko ditu.

Ostiralean, abenduak 2, Pasai Antxon, Itzal eta Ezpala taldeek Ibaiondo pilotalekuan joko dute 22:00etan.

Oreretari dagokionez, larunbatean, abenduak 3, 11:00etan kalejira hasiko da. 14:00etan herri-bazkaria izango da merkatuzarren (txartelak 15 eurotan daude salgai Sindikaton, Arkaitzan eta Lau Haizetaran). 19:00etatik aurrera, Trikidatz eta Dj Bull Zumardian ariko dira.

Lezon, bestalde, ostiralean, abenduak 2, 19:00etan Kuadrillategik mahaia jarriko du zenbait salgairekin eta Faktoriako gaztetxoek patata-tortilla pintxoak jarriko dituzte salgai. Horretaz gain, testu bat irakurriko dute herrian eta Euskaraldiko kanta abestu eta dantzatuko dute. Suziria bota ostean, trikitilari-doinuak izango dira Lezon eta 21:00etan herri-afaria egingo dute (txartelak Tiñelun eta euskaltegian daude salgai 20 eurotan)

Oiartzunen, azkenik, azokarekin hasiko da Euskararen Eguna, larunbatean. Eguerdian Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida aurkeztuko dute eta jarraian Xabier Lete prosa eta poesia lehiaketaren sari-banaketa egingo dute. Arratsaldean herriko eragileen emanaldia izango da eta azkenik, 22:00etan, Kuluxka klan taldeak joko du.

Iruzkinak