Oarsoaldeko AEK-ko ikasle eta irakasleok, Oiartzungo Arizmendienea etxeak liluratuta

 

Zorionez, 2021-2022 ikasturtean, pandemia gainditu dugun honetan, berriz ere eskualdeko lau euskaltegietako kideok elkartu ahal izan gara zenbait kanpo irteeratan. Esate baterako, abenduaren 6an, Pasai San Pedroko Albaola Kultur Faktoriara joan ginen, eta 22.KORRIKA hasi zen egunean mintzodromoa egin genuen Oreretako Merkatuzarren. Gaur, berriz, Oiartzungo Arizmendienea etxean izan gara Lezoko Oroitzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiko ikasle eta irakasleok, goiz eta arratsaldez.


 


 

Joxe Mari Mitxelena oiartzuarrak cicerone lana bikain egin du, eta eraikinari eta bertan bizi ziren Angel Arizmendiri eta bere familiari buruzko historia eta bitxikeria ugari kontatu dizkigu. Ez hori bakarrik: etxearen barrualdea xehe-xehe ikusi ahal izan dugu -tartean duela 100 urteko xanpain botilak!-. Mitxelena beraren hitzetan, 100 urte atzera egin dugu, eta konturatu gara nola bizi ziren duela mende bat. Mila-mila esker, Joxe, zure eskuzabaltasunagatik eta mimo handiz hainbeste azalpen emateagatik. Gozatu ederra hartu dugu...eta baita asko ikasi ere!































 





Iruzkinak