Oarsoaldeko AEK-ko kideak ezagutzen: Pasaiako Txirrita AEK euskaltegiko Patxi Azparren Olaizola

 

Duela 13 urtetik ari da Patxi Azparren Olaizola Pasaiako Txirrita AEK euskaltegian.
Nola ez, maila eta molde guztietan aritu da Patxi.

Zer giro dago euskaltegian iraila hasi zenetik? 

Aurten iaz baino zerbait zerbait mugituagoa. Iaz urte berezia izan arren, matrikula kopuruan ez genuen atzerapenik izan. Nahiko urte “normala” izan zen arlo horretan. Aurten zertxobait hobetuko delakoan gaude.

Nola irudikatzen duzu aurtengo ikasturtea?

Esan bezala, aurten egoera hobea izango da eta nabaritzea espero dugu. Gainera 0tik hasi behar duten ikasleentzat eskaintza berezia dagoenez Pasaian [matrikularen %20a aurreratu behar dute], ikasle berri gehiago hurbilduko direla uste dugu.

Bizidekarra ibilgailua da aurten kanpainaren ikurra. Irakaslea ikaslearen bidelagun onena dela irudikatu nahi du AEK-k. Horrela bizi izan duzu zuk urteotan guztiotan?

Gure ikasle askok ezin dute euskara erabili euskaltegitik kanpo. Euskarara hurbiltzeko laguntza behar izaten da eta gure lana da lagun hori izatea, konfiantza eman eta motibazioari eustea.

Kaixo, Patxi naiz... Nolakoa izaten da, zure kasuan, lehen eskola eguna? Trikimailurik bai ikasleak lotzeko edo 'engantxatzeko'?

Lehenengo klase egunean klasera etortzeko motibazioa landu behar da, helburuak garbi eduki eta baliabideak eskainiko dizkiegula ondo adierazi, baina batik bat, hasieratik Lantaldea osatu behar da. Edozein egoeratan daudelarik, ikaskide oro bidaide eta laguna izango dela erakutsi behar dugu, taldean arinago, gozoago eta sendoago ikasten baita.

Iruzkinak