80tik gora ikasle ariko dira Oiartzungo Intxixu AEKn

Saioa Ballesteros eta Jon Diaz de Mendibil Intxixu AEK-ko kideak, ezkerrean
 

2021-2022 ikasturtea ate joka dugun honetan, Oiartzungo Intxixu AEK-ko Saioa Ballesteros eta Jon Diaz de Mendibil elkarrizketatu dituzte Oiartzun irratian. Lankideok azpimarratu dute iazko ikasturtea, zailtasunak zailtasun, ontzat jo daitekeela, eta ikasturte berrian are ikasle gehiagok beteko dituztela Fermiñene Etxeko euskaltegiko gelak: 80 baino gehiagok, hain zuzen ere. 

Jon Diaz de Mendibilek nabarmendu du hasiera mailako taldea osatu dutela, eta hori oso pozgarria dela: "Oiartzunen 0 mailako zazpi edo zortzi ikasle elkartzea ez da erraza izaten, eta aurten lortuko dugu". Saioa Ballesterosek, bestalde, ikasturte berrian kanpo ekintzak (afariak, tailerrak, hitzaldiak...) berreskuratzeko itxaropena agertu du.

Oiartzungo Intxixu AEK-ko bi kideok gogora ekarri dute matrikulazio kanpainak zabalik jarraitzen duela eta dohainik atera ahal zaiela ikasleei ikasturtea (A1etik B2ra), asistentzia ona izanez gero. Zehazki, Oiartzunen erroldatutako ikasleen kasuan, Udalak matrikularen erdia aurreratzen du eta beste erdia, ikasleek ikasturte hasieran aurreratu beharrekoa, ikasturte bukaeran berreskuratu ahal dute. C1 eta C2ko ikasleentzat ere bada diru-laguntzarik Oiartzunen.

Entzun elkarrizketa osoa HEMEN


 

Iruzkinak