Alberto Lopez Oreretako Xenpelar AEK-ko ikaslearekin hizketan

Alberto Lopez Xenpelar AEK-ko ikaslea

Nola ez, Oarsoaldeko AEKko ikasle batzuk ere aste hauetan osasun arloan lan eta lan dabiltza, eta oso aste gogorrak pasatzen ari dira koronabirusaren erruz. Joan den astean, Oarsoaldeko Maskarilla Solidarioak ekimenean dabilen Laura Navarro ekarri genuen plaza honetara. Lezoko Oroitzene AEKko ikaslea da Laura. Oraingoan  Alberto Lopez erizainaren txanda da. Zaragozan jaioa, bigarren ikasturtea du Oreretako Xenpelar AEK euskaltegian. Hona hemen kontatu diguna:

Zer moduz zaude?

Ondo nago. Egia esan ez nago joan den hilabetean bezain kezkatuta. Euskaltegira itzultzeko eta nire irakasle eta ikaskideekin egoteko gogo handia dut!


Okerrena pasatu al dela uste al duzu? Hau da, bide onean goaz?


Bai, noski. Egoera askoz hobeto dagoela esan liteke.
Ospitalean, normaltasuna itzultzen ari da poliki-poliki. Hasieran lio izugarri bat izan zen, baina egun herritarrok egoera ulertu dugu eta lan egiten ari gara denon artean normaltasun maitea lortzeko. Nire ustez, hori bide bakarra da eta oso luzea ere bai, baina bide onetik goaz.


Pentsatzen al zenuen martxo hasieran egoera hain larria izango zela?

Ez. Nik pentsatzen dut eta pentsatu nahi dut inork ez zuela uste egoerak aurrera egingo zuenik ospitaleak kolapsatzeko adina. Egia esan, gure mezua jendea lasaitzeko zen, zeren eta osasun profesionalok ez genituen koronabirusen birulentziari eta kutsakortasun buruz daturik (Italiako egoerak gainezka egin zuen arte)


Zein aholku emango diguzu?

Osakidetzako aholkuak jarraitu, ahalik eta lasaien egoten saiatu eta gogoratu: ez da komeni telebista asko ikustea. Kontuz ibili bulokin ere bai. Komunikabideek batzuetan nahastu egiten dute jendea, informazioa lortu nahi badugu, hobe da medio ofizialetan bilatzea.


Azkenik, zerbait esan nahi al diezu zure Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiko gelakideei?

Bai, noski. Ez dakizue zenbat botatzen zaituztedan faltan! Jarraitu euskara ikasten eta irailean klasean elkarrekin egotea espero dut! Zaindu zaitezte!

Iruzkinak