Oiartzungo Intxixu AEKn, hitz eta pitz




Intxixu AEK euskaltegian lehengo ostegunean nahastu gintuzten A2 eta B2 taldeak arratsalde ezberdin bat egiteko. Bertan, hasieran jokoak egin genituen elkar ezagutzeko eta ondoren, bideoak ikusi genituen eztabaida egiteko. Bideoetan hainbat egoera agertzen ziren eta gero taldeka horri buruz hitz egin genuen. Horrela denok praktikatu genuen euskaraz hitz egiten eta hasi berriak zirenak lotsa galtzeko ere balio izan zuen.
Arratsaldea oso polita izan zen. Gainera, meriendatu ere egin genuen irakasleek ekarritako kafe eta pastekin. Gero, batzuk pintxo potera animatu ziren.
Esperientzia denoi gustatu zitzaigun, ea beste batean errepikatzen dugun!
Lehenengo bideoa eta galdera zen ea nonbait sartzerakoan lehenengo hitza euskaraz zen edo ez. Gure taldean denetik esan zen. Egia esan behar badut nik lehenengo hitza erdaraz egiten dut, nire lagunek beti esaten didate euskaraz egiteko baina nik ez dut horrela egiten. Taldeko batzuei berdina gertatzen zitzaien eta aipatu genuen ohitura txarrak zailak direla kentzeko.
Bigarrena, pertsona batengatik denok erdaraz egiten dugula zen. Gure taldean katalan bat zegoen eta ulertezina iruditu zitzaigun han, Katalunian, berriz, ez zela hori gertatzen. Gure ustez, asko ikasi behar dugu haiengandik zeren eta hemen ohitura da gazteleraz hitz egitea erdaldun bat tartean badago. Ea gauzak aldatzen ditugun!
Beste gaia “seme-alabekin euskaraz, bikotearekin gazteleraz” zen. Bideoan agertzen ziren helduek ez zuten ulertzen zergatik seme-alabek gaztelaniaz egiten zuten haien artean aitak eta amak beti euskaraz egiten zutenean haiekin. Kontua da, gurasoen artean gaztelaniaz egiten zutela askotan.
Azken eztabaida interesgarriena izan zen eta ikusi genuen nola askotan jendeak ez duen pazientziarik euskaldun berriekin. Gure taldean esan genuen hori oso frustrantea zela eta horrek ez zigula batere laguntzen euskaraz hitz egiterako garaian. Gure ondoan laguntzen duen jendea behar dugu!
Beno, hurrengora arte!
Intxixuko arratsaldeko B2 taldea

Iruzkinak