Donostiara etorriko al zara gurekin?



Euskaraz bizi nahi dut. Ziur lema hori ezaguna egiten zaizula, ezta? Nonbait ikusi duzulako edo entzun duzulako. Euskararen alde lan egiten duten elkarte eta erakunde asko biltzen ditu Kontseiluak eta hain zuzen ere, Kontseiluak duela urtebete inguru aurkeztu zuen Euskaraz Bizi Nahi dut leloa. Ordutik hona lelo horrekin bideo lehiaketak, kirol jarduerak, lip-dubak eta beste hamaika gauza egin dira. Den-denak azpimarratzeko euskaraz bizi nahi dugula, horretarako eskubidea dugula.

Astelehena egun handia izango da euskaldun guztiontzat, Euskararen Nazioarteko Eguna. Ba bi egun lehenago,  larunbatean, abenduak 1, oso pauso garrantzitsua emango dugu, eta pauso hori gurekin ematea nahi dugu: manifestazioa egingo da, Anoeta estadiotik 17:00etan hasita Euskaraz bizi nahi dugu goiburupean. Gurekin etorriko zara? Baietz espero dugu, denon eskubidea baita euskaraz bizitzea eta euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzea.

Besteak beste, hauxe esan du Kontseiluak manifestazioaren eta oro har Euskaraz Bizi Nahi dut leloaren inguruan: "Ezinbestekoa da euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Are gehiago, ezinbestekoa izateaz gain, eskubidezkoa ere bada. Ez da justua inori hori ukatzea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira".

Iruzkinak