AEK-k “EUSKARA BIZIA”, 2012-2013ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu du

2012-2013 ikasturterako prestatutako matrikulazio kanpaina aurkeztu du AEKren Artezkaritza Kontseiluak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Bertan izan dira eginkizun horretan AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak, Asier Amondo, Helios del Santo, Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo, eta Jakes Bortairu; Mertxe Mugika, AEKren koordinatzaile nagusia; eta aurkezpen lanetan aurtengo irudiko protagonista, Ana Castro, AEKide eta euskara irakasle barakaldarra. Hauxe da gaurko agerraldiaren edukia:

“Euskara bizia” da ikasturte berriko AEKren matrikulazio kanpainako leloa. Zergatik? Bada, bizi-bizi gatozelako horixe bera eskaintzera: euskara bizia ikasi eta lantzeko aukerarik onena. AEKn gertutasuna, inplikazioa eta eraginkortasuna eskaintzen ditugulako, euskararen ezagutza eguneroko bizitzarekin lotzea, lanarekin, harremanekin, kulturarekin... Edonoren beharrei egokituriko eskaintza oparoa dugu AEKn. 

Matrikulatzeko hurbilen daukazuen euskaltegitik pasa zaitezkete edo 902 36 22 94 telefono zenbakira dei dezakezue.



Bestalde, ikasturte berrian 18. Korrika egingo dugula gogorarazi nahi dizuegu. Seguru gaude beti bezain arrakastatsua izango dela eta Euskal Herriko jendartean euskara ikasteko eta erabiltzeko borondatea, funtsean euskaraz bizitzeko nahia erakutsiko duela, beste behin. Horren haritik hainbat datu aipatu nahi ditugu. Duela hilabete batzuk agindu genuen inkesta baten arabera, Euskal Herri osoko biztanleriaren ia erdia noizbait ibili da euskara ikasten. Are gehiago, laurden bati etorkizunean euskara ikastea gustatuko litzaioke. Langabezian daudenen %35ek, esaterako, euskara ikasi nahi dute epe laburrean. AEKn gure lana betetzen dugu eta prest gaude, ikusi duzuenez, ikasturte berrian ere “gogo biziz” aritzeko. Erakunde eta administrazioei beraiena egitea eskatzen diegu, hau da, euskal herritarren nahiak eta beharrak entzun eta euskara eta helduen euskalduntzea aintzat hartzea, euskaltegiok eta euskara ikasleak garai gogor hauetan lagunduz, ez laguntzak murriztuz.

Ildo horretatik, egingo dugun eguneroko lanaz gain, AEK-k ekarpen berezi bat egingo du Euskara Bizipoz izeneko lehiaketarekin. Aurkeztu berri dugun matrikulazio kanpainarekin lotuta, gure ikasleen esfortzua eskertu nahi dugu krisi garai honetan, ikasturte berriko matrikula doan emanez hiru laguni. Dakizuenez, Euskara Bizipoz lehiaketa martxan egon da uda osoan zehar, baina irailaren 14an bukatuko da parte hartu eta doaneko matrikula irabazteko aukera. Lehiaketari buruzko informazioa albiste honetan.

Iruzkinak