Txirritakook Comete sare mitikoan



Bigarren Mundu Gerra garaiko bidexkatan


Igande goizean, Pasai Antxoko Txirrita euskaltegikook Comete sarearen arrastoan ibili ginen, Delfin Jaular ikasle mendizaleak animatuta eta gidatuta. Badakizu zer den Comete sarea? Ba hori azaltzeko denboran atzera egin behar dugu, Bigarren Mundu Gerraraino, hain zuzen ere. Garai hartan,  hegazkin pilotu ingeles, belgikar eta holandar asko bota zituzten naziek. Pilotuok hegazkinetik jauzi egin eta onik ateratzen ziren. Baina nola egin nazien atzaparretatik libratzeko? Bada horretan laguntzen zien Comete sareak. Ipar Euskal Herritik Hegoaldera pasatzen laguntzen zien.

Behin muga gurutzatuta, afari beroa hartzen zuten Ergoieneko Sarobe baserrian eta handik gertuko bordan lo egiten zuten -borda hori ezkutuan zegoen; hartara, Guardia Zibila baserrira galdezka joanez gero, bertakoak alde batera utzita, ez zuten inor topatzen. Behin gaua igarota, kontrabandista hernaniar batek, Florentino Goikoetxeak, hegazkin pilotuei laguntzen zien; Arditurriko langileekin nahasten ziren pilotuok, oharkabean pasatzeko. Eta hor, Arditurri aldean, bide luzea hasten zuten askatasunerantz.

Berez, baserria ez da museo bat, baina argazki historiko batzuk baditu; bertakoekiko esker ona adierazten duen oroigarria, adibidez. Edota sare honen sortzaileetako bat izandako Dedee emakume gaztearen irudia.

Gu Altzibartik abiatu ginen, eta Arditurriko bidegorrian barrena iritsi ginen baserrira. Han geldialdia -eta bisita- egin eta gero, mendian gora jarraitu genuen eta Pikoketara eraman gintuen bideak; handik behera, errepidetik joan ginen eta beheko bidegurutzera iritsita -Irungo errepide zaharra eta Ingelesaren gaztelura igotzeko bidearen arteko bidegurutzera- ezkerrera egin genuen errepidea saihesteko, zirkulazio handia baitago. Aldapa tente batetik Treku jatetxeraino jaitsi, errepidea zeharkatu eta abiapuntura iritsi ginen, Altzibarrera. Guztira, lau orduko mendi txango atsegina. Oso txango gomendagarria, eta egiten erraza.

Gaian sakondu nahi izanez gero,  erreportaje hau irakur dezakezue.

Iruzkinak